Euskara, jalgi hadi Amikuzeko plazetara

Euskara, jalgi hadi Amikuzeko plazetara

Badela zer egin eta non elkar urte hastapen honetan amikuztar euskaltzaleentzat. Hori bai, neguko egun hotzak heldu direla eta, lekuko elkarte edo euskaltzaleek dena egiten dutela bazterren berotzeko...

Iragan larunbatean adibidez, amikuztar zirtzilak (eta " kanpotiar " zenbait) Donapauleko karriketara jautsiak ginen. Santi Bate nagusia, Anderea, Jauna eta hartzarekin batera, berrogeita hamar bat lagun elkartu ginen gure bozen entzunarazteko gogoarekin. Nahiz eta ostatu bakar batzuetan ateak zerraturik atzeman, egin genuen herriaren itzulia eta aipatzekoa da ostatu batzuek egin diguten harrera ona.

Itzulia Airetik gelan hasi genuen. Han, Amikuze kantuz elkarteak errezibitu gintuen. Haiekin batera bozak berotu, tripak hasi betetzen eta segitu genuen ostatuz ostatu Santi Bate edo Santa Agedaren omenez koplak kantatuz. Itzulia Kenedinian bukatu genuen, beste kantu edo dantza batzuk emanez. Tripota aski bildurik, Aldaka gaztetxera joan ginen ondotik, merezi genuen afari goxoa jatera eta bertsotan nahiz kantuz gaua segitzeko asmoz.

Azpimarratzekoa da, kantu eta trikien soinuen artetik, bi amikuztar bertsolari ezagutu genituela. Biziki planttan ari izan ziren Pettan eta Mattin. A ze sorpresa ona! Ea sortzen den, zuen harira, amikuztar bertsolari gehiagorik? Hasteko bada gogo!

Zirtzilen ondotik igande honetan, bolantek hartu dute leku Donapauleko karriketan. Azken lau urteetan egin ohi den bezala, igande goiz honetan ospatuko da Amikuzeko libertimendua. Badu aste zenbait gazte batzuk elkartu direla eta lanean hasiak direla pasa den urteari begirada zorrotz baten emateko. Bolantak ere hasiak dira entresanten eta urratsen ikasten eta hobetzen. Hitzemana dute prest izanen direla eta udaberriari ongi etorri ederra eskainiko diotela. Azken urteetakoak ikusgarriak izan badira, Donapauleko karriketan entzuten diren zurrumurruen arabera, aurtengoak ere ukanen du zer ikusi eta entzun...

Ihauterien ospakizunetatik at, badira ere beste hitzordu batzuk. Hala nola joan den astean hasitako, eta urtero bezala, otsail ostegunak ere hor ditugu. Denen gustukoentzat bada aurten ere, eta beti ber helburuarekin, euskaraz gozatzea, partekatzea, ikastea.

Urtarrila ondarrean, Xiberua eta Azkaineren arteko bertso xanpiona ere Arberatzera heldu zen. Eta ze bertso afari goxoa pasa genuen... Belaunaldi desberdinetako bertsolariek sekulako giroa eman zuten. Eta ze plazerra usaian taula gainean ikusten ez ditugunak ere bertsotan ikustea. Agian beste holakorik izanen da, eta ondokoan baietz amikuzen ekipa bat sortzen dela!

Kitzikazan/k taldeak ere badu antzerki bat bidean, entzun dudanaz... Iduriz uda honetan taula gainean ikusiko ditugula... Eta nola ez aipa Aldaka gaztetxeak eramaten duen lana (gaualdi, filma proiekzio, kontzertu...), badela hor ere gustu guzientzat... euskaraz nolaz ez. Baita iaz Amikuzeko ikastolak, bere berrogei urte kari antolatu zituen ekimen desberdinak.

Ari direla batzuk lanean jo ta ke. Milesker handi bat haientzat, eta segi dezatela bide beretik. Ze plazerra ikustea Amikuzen ere euskalgintza bizirik dela. Anitzetan entzun ohi da Amikuzen euskaldun gutxi dela eta behar gorrian garela... Ez dut ukatuko, iparraldeko xoko guzietan bezala, gure borroka ez dugula irabazia, baina gaur egungo dinamikak ilusioa ematen du... Hori bai, ilusioa eta esperantza...

Dinamika hori sentitu edo gozatu nahi baduzu, asteburu honetan badakizu zer egin...

Partekatu artikulu hau