Laster, euskal dirua

Laster, euskal dirua

Estatuek dituzten diru ofizialen ondoan, diru osagarriak izan daitezke. 2013 ko urtarrilaren 1ean agertuko da Ipar Euskal Herrikoa, "euskalduna, ekologikoa eta solidarioa" izan nahi duena, Dante Edme-Sanjurjo sortzaileetarikoak dioenez. Funtzionamendu sinplea izanen du, euroaren gisakoa hots. Moneta hori onartuko duen enpresa, saltzaile ala ekoizle zerrenda bat izanen da, eta, horiengana joanez gero, kontsumitzaileak diru horrekin, euroarekin ala biekin ordaintzen ahalko ditu erositakoak. Haatik, edonork ezingo du erabili. Dendariak ekonomia euskalduna, ekologikoa eta solidarioa garatzeko engaiamendua hartu beharko du, Edme-Sanjurjok dioenez. "Ez du ibilbide autoritariorik ukanen; kolaboratzailea izanen da, eta haiek dute erranen zer egiten duten eta zer egin dezaketen". Kontsumitzaileak elkarteko kide izan beharko du.

Moneta horrek ondorio baikorrak izango ditu sozialki, ekologikoki zein ekonomikoki, Edme-Sanjurjoren ustez. Hain zuzen, diru horrek Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko trukeak ahalbidetuko ditu, "zirkuitu labur eta tokiko garapena ekarriz". Horrek, ikuspegi ekologikotik begiraturik, kutsaduraren txikitzea dakar, berotegi efektua ondorio duten gasak gutxiago igorriko direlako. Tokiko enplegua sustatzen duenez, sozialki ere ondorio baikorrak ditu, beti Edme-Sanjurjoren azalpenari segi. Egungo krisi finantzario, ekonomiko, sozial eta ekologikoari begira ere "erantzun bat" izan daiteke, haren irudiko.

Euskara laguntzeko tresna

Oharturik anitz jendek dutela euskara ikasten baina gune publikoetan gutxi entzuna dela, hizkuntza honen erabilpena sustatzeko tresna izatea nahi dute diruaren sortzaileek. "Bai Euskarari desmartxaren osagai da; haiek lan sakon bat eramaten dute saltzaileekin, eta gu ere saiatuko gara euskara agerrarazten". Adibidez, jatetxeko kartak euskaratzeko engaiamendua har dezakete ostatu jabeek. Hastapenean, Ipar Euskal Herrian erabiliko da, baina etorkizunean Hego Euskal Herrira ere hedatu nahi lukete, "baina beti hiru dimentsioen errespetua kontuan hartuz".

Interesatua izanez gero, truke guneetara joan beharko da, euro kantitate bat tokiko diruaz ordezkatzera. Emandako euroak banku bateko berme funtsean emanen dira, eta hori Frantziako Bankuak beharturik. Erabiltzaileak ezingo ditu berriz eurotara bihurtu txartelak; haatik, dendariek bai, %5eko zerga baten truke. Horientzat euroa bezala funtzionatuko du diru osagarriak: zergetan deklaratuko ditu, baita kontabilitatean ere.

Diru osagarri hori "trukeak egiteko eta bultzatzeko tresna izatea" nahi dute sortzaileek. Hori dela eta, ez bada erabiltzen, hiru hilabetetarik behin txartel bakoitzak balioaren %2 galduko du. Hau da, 10 unitateko txartela baldin badut, urtarrilaren 1tik martxoaren 31ra 10 balioko du; apirilaren 1ean, berriz tinbre bat ezarriko zaio 20 zentimokoa, beti hamar unitateko balioa ukaiteko. "Interes negatiboa da hori, esplikatzeko trukeak egiteko tresna ekonomiko bat dela moneta, dirua ez dela atxikitzeko egina", Edme-Sanjujoren hitzetan. Horrela, euroa baino gehiago tokiko diruaren erabilera bultzarazteko xedea dute, beti "lurraldearen alde egiteko". Dena dela, ez dute euroa ordezkatzea helburu: "Euroa hor da bere funtzioekin; gu hor gara gurearekin".

Ondoko urratsak

Proiektuaren marrazketa aitzinaturik baldin bada ere, hainbat urrats gelditzen dira egiteko 2013ko urtarrilaren 1a aitzin. Hala nola, martxotik aitzina maiatzera arte, diruaren izena atzeman beharko dute. Herritarrei dei egiten diete ideiak emateko. Ondotik, epaimahai batek zazpi izen aukeratuko ditu, eta, azkenik, berriz herritarrei galdatuko zaie iritzia, zazpietarik gogokoena lehenesteko. Apirilean eta maiatzean, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan gaindi tokika aurkezpen bilkurak eginen dituzte ere.

Iazko ekainean bildu ziren lehen aldikoz hamabost bat herritar euskal monetaren xedea aipatzeko. Euskal diru ekologiko eta solidario baten sorreraren aldeko elkartea sortu eta hori dabil ideia gauzatzeko urratsak egiten. Guztira zortzi-bederatzi lagun dira erregularki biltzen proiektuaren inguruan. Irailean, ekologiaren, euskararen, arlo sozialaren zein tokiko garapenaren alde ari diren elkarteekin bildu ziren, egitasmoaren berri emateko. Hogei bat egitura hurbildu ziren, eta, Edme-Sanjurjok zehaztu duenez, denek zuten interesa erakutsi eta aitzinamenduaz jakinean atxikitzea galdatu.

Aspalditik dira diru osagarriak, eta, alderantziz, Dante-Sanjurjok dioenez, "zentralizatuak, bakarrak eta demokratikoki kontrolatuak ez diren" monetak dira berriak historian. Gaur egun, 5.000 diru osagarri dira munduan zehar, hots, estatuen diruak baino askoz gehiago.

Partekatu artikulu hau