Abertzaleek instituzioaren gaia Parisera eraman gogo dute

Abertzaleek instituzioaren gaia Parisera eraman gogo dute

Ipar Euskal Herriarentzako instituzioaren sorrera onartuko balitz, Frantziako Parlamentuan egin behar litzateke urratsa, lege berri baten bidez gaurko egoerari agur errateko eta ezagupena gauzatzeko. Legea parlamentura eramateko, bi bide daude: lege proiektu baten bidez, gobernuak duela hori parlamentuan pausatzen, edo, bestela, lege proposamenarekin, hor parlamentari batek duela proposatzen legea. Bigarren aukera hori kontuan harturik, ekainaren 10ean eta 17an izanen diren legebiltzarretarako hauteskundeek garrantzia dute. Euskal Herritik eginiko eskakizuna Parisera eramateko erreleboa izan daitezkeelako izendaturiko diputatuak.

Noski, hautagai abertzaleek dute eskaera hori ozen eramaten. EH Baik bozgorailua harturik du sinbolotzat "Ipar Euskal Herriaren onerako diren aldarrikapenak Parisi entzunarazteko". Aldarrikapen horien lehen lerroan kokatzen dute Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala. Europe Ecologie Berdeen eta EAren artean osatu Amalur koalizioak eta EAJk ere lehentasunetan kokatzen dute helburu hori.

Beste alderdiei doakionez, hautagai batzuk pertsonalki alde kokatzen badira, alderdiek ez dute ezer argiturik. Adibidez, Ezkerreko Fronteak ez du argitua bere jarrera, baina seigarren barrutian aurkeztu den Yvette Debarbieuxek dio "abertzaleen gogoeta entzun behar" dela eta horri begira "adostasun orokor" bat lortu behar dela. Berdin-berdin, nahiz Alderdi Sozialista ez alde kokatu, bosgarren barrutian aurkeztu den Colette Capdeviellek dio eskaera horri begira "deszentralizazio handiagoa eta ezagupena ekarriko duen adoste orokorra" lortu beharko dela. Urritik aitzina, François Hollanderen gobernuak burutuko duen deszentralizazio erreforman kokatuko da instituzioari buruzko eztabaida, Capdeviellek dioenaz. Seigarren barrutian aurkeztu den Michele Alliot-Marieren gisa, UMPren barne aurkari determinatuak badira. Hala ere, lerroak pixka bat mugitzen ari direla sendi da. Azkenik, bosgarren barrutian aurkeztu den Jean Grenet Baionako auzapeza eta diputatua euskal departamenduaren alde mintzatu da. "Oztopo bat ez da izanen Hautetsien Kontseiluak eraman gogoetaren barnean den lurralde elkargoaren proposamenari begira", segurtatu du.

Testuinguru berriak dakar hori

Euskal Herrian den testuinguruak eragin ditu iritzi aldaketa horiek. "Gaur egun dagoen testuinguru baketsua" aipatu zuen Grenetek, bere ikuspuntua emateko orduan. Debarbieuxek ere dio ETAk jarduera armatuak behin betikoz utzi izanak "ateak ireki" dituela. Horrez gain, "abertzaleen partetik gogoeta eta bilakaera interesgarria" egin dela dio, eta horrek bere iritzi aldaketa ekarri duela gehitu du.

Baina, hitzetarik haratago, aldarria Parisera eramateko bakoitzak harturiko engaiamenduei begiratu beharra dago. Horri doakionez, EH Bai, EAJ eta Amalur-eko hautagaiek dute argiki Parisera aldarria eramateko engaiamendua hartu. Debarbieuxek ere berdin eginen du: "Tokiko hauteskundeak dira kargu nazional batentzat; beraz, hemengoa Parisen entzunarazteko ardura dugu".

Alderdi Sozialistak ez du, haatik, konpromisorik hartu. Capdeviellek ez du baieztatu aldarrikapen horri doakionez errelebo lana eginen duenik: "Ikusiko dugu momentuan berean; espero dut departamendu mailan Alderdi Sozialistak beste hautetsi batzuk izanen dituela. Erabakia taldean hartuko dugu; kolektiboki gogoetatuko dugu". Nahiz pertsona geroz eta gehiago alde kokatu, hori ikusiz, hitzetarik ekintzetara tarte handia dagoela erran daiteke.

Adostasun orokorra behar

Aldarrikapenaren inguruan "adostasun orokorra" lortu beharra dela diote denek. Bide horretan, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak eraman gogoeta "interesgarria" dela diote guztiek. Ipar Euskal Herriaren egituraketaz Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak eraman gogoeta aitzina doa, eta udazkenerako adostuko dute gobernantza proposamen bat. Garapen Kontseilua euskal lurralde elkargoaren alde agertu da, eta Hautetsien Kontseiluak ez du oraindik argitua bere iritzia. Iragan ostiralean egin zuen biltzar nagusia Hautetsien Kontseiluak, eta, horrela, beste hiru bilera eginen dituzte, urrira bitartean, haien ikuspuntua adosteko. 2009. urtean hasi ziren lurralde erreforma aztertzen eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarentzat egokiena litzatekeen antolaketari buruz gogoetatzen.

Batera-k, Euskal lurralde elkargoaren aldarria entzunarazten dabilen plataformak, iritzia argitzeko eskatuko die legebiltzarrerako hautagai guztiei. Erantzunen berri eman gogo dute hauteskundeen lehen itzulia aitzin.

ZUZENKETA: Iragan asteko Hitza-n, ezkerreko mugimendu abertzaleari buruzko inkestaz idatziriko orrietan huts bat zen. Jatorrizko testuan idatzitako septiko hitzaren ordez, akats baten ondorioz, aseptiko hitza agertu zen. Septiko hitza ulertu behar zen, beraz. Barkamenak irakurleei eta inkesta egileei.

Partekatu artikulu hau