Deiadarraren ardura

Deiadarraren ardura

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak lege egitasmoa osatuko zuela hitzeman zuen 2007an. Baina, ororen buru, lege beharrik ez zegoela adierazi zuen Frederic Mitterand Frantziako orduko Kultura ministroak. Bost urte geroago, François Hollande presidente berriak ere zentzu bertsura doazen promesak egin ditu. Europako Ituna izenpetuko duela dio, eta Frantziako Konstituzioa aldatu beharko litzatekeela ohartarazi du. Haize ufada batek eramanen al ditu hitz eder horiek ere? Promesa atxikiko balu, zein heinetako lege geriza emanen lioke? Euskaraz bizi nahi duten hiztunen eskubideak berma litezkeen legea izan daiteke. Baina gaur egun borondatean oinarritzen den hizkuntza politika oztopa lezakeen legea izan daiteke ere. Diputatuen zeregina handia izanen da, beraz, ondoko bost urteetan: Hollandek hitzemandakoa betearaztea; hizkuntza gutxiturik ez duten eskualdeetako parlamentariekin mintzatzea, legearen alde bozka dezaten konbentzitzeko; lege proposamena zuzentzea eta hobetzea, benetako ezagupen sendoa eta eraginkorra ekar dezan... Euskal herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko dituen lege geriza beharko da lortu. Euskararen ofizialtasuna, lege eraginkorra eta Frantziak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetzea eskatu zuten milaka herritarrek martxoaren 31n, Deiadar manifestazioaren bidez. Deiadarra Parisen entzunarazteko ardura ukanen dute diputatuek. Hautagai guztiek dioten gisara, "tokiko eskakizunak Parisen entzunaraztea" delako diputatuaren ardura, "errelebo lana" egiteko betebeharra dutelako.

Frantziako Gobernuaren borondate onak erraztuko luke bidea... Deiadar manifestazioan nabarmena izan zen Alderdi Sozialistako arduradunen presentzia. Baionako karriketarik luzatu mezua Parisko gobernu sozialistara eraman beharko dute orain. Deiadar manifestazioan egotea ez delako aski. Urrats bat harago egiteko garaia hor dute.

Partekatu artikulu hau