Ofizialtasunaren aldarria gutxik aipatzen dute kanpainan

Ofizialtasunaren aldarria gutxik aipatzen dute kanpainan

Argi geratzen ari da euskararen ofizialtasuna ez dela kokatzen Frantziako Legebiltzarrean aulkia nahi luketen hautagaien lehentasunetan. Euskararen eta orokorki hizkuntza gutxituen ezagupenaren mezua gutxi entzuten da kanpainan. Alta, diputatuen zeregina garrantzitsua da arlo horretan, ofizialtasuna edota lege geriza lortzeko urratsak Frantziako Parlamentuan eginen liratekeelako. Soilik EH Baik, Europe Ecologie Berdeen eta EAren artean osatu Amalur koalizioak, EAJk eta NPA alderdi antikapitalistak dute ofizialtasuna aldarrikatzen.

Frantziako Legebiltzarrerako hautagaiek kanpainan duten euskararen erabilpen heinari aski da begiratzea ulertzeko zein garrantzia ematen dioten euskarari. EAJ eta EH Bai hautagaiek, hots, abertzaleek dute soilik kanpainarako webgunea bi eletan. Beste guztiek frantsesez bakarrik komunikatzen dute. Inork ez du soilik euskaraz komunikatzen. Esku orriei, afixei eta hitz hartzeei begiratuz gero, EH Bai koalizioak du elebitasun orekatuena.

Beste alderdietako hautagaiei doakienez, nahiz haien programan idatzia ez izan, pertsonalki euskararen ezagupenaren eta Frantziak Europako Hizkuntza Gutxituen Aldeko Ituna izenpetzearen alde kokatzen dira gehienak. "Gaur egun, jende gehienek euskararen ezagupena galdatzen badute abertzaleek urte luzeetan egin lanari esker" galdatzen dutela dio Anita Lopepe laugarren barrutiko EH Bairen hautagaiak. Haatik, ñabardura bat azpimarratu du: "Estatutu bat aldarrikatzearen eta zein heinetako estatutua nahi den zehaztearen artean ezberdintasuna bada".

Zehaztasunetan sartu gabe

Abertzaleek euskara frantsesaren hein berean ezarriko lukeen estatutu juridikoa aldarrikatzen dute. Ez dute, haatik, horrelako zehaztasunik ematen beste hautagaiek. Adibidez, Colette Capdevielle bosgarren barrutian aurkeztu den hautagai sozialistak dio "Europako hizkuntza gutxituen karta izenpetzearen alde" dela, Frantziako Konstituzioaren moldaketa aipatu gabe. Bosgarren barrutian aurkeztu den Jacques Veunac zentristak ere, zehaztasunetan sartu gabe, erran du "gaur egun dagoen baino euskararen erabilpen handiagoa behar litzatekeela".

Euskararen ezagupenaz zer dioen galdatuta, hau erantzun du Jean Grenetek, berriz aurkeztu den bosgarren barrutiko diputatuak: "Euskararen aurka banintza, aspaldian jakina izanen zen". "Hizkuntza gutxituen ezagupena Konstituzioan sartuko zuen lege proposamena" aurkeztu zuela oroitarazi du. Bi lege proposamen egin eta bietan aurkako bozketak nagusitu zirela dio, "eskuin eta ezker muturreko diputatuek aurka egin zutelako; ezberdintasun politikoak ahantziz eta jakobinismoari segituz, elkartu egin zirelako". Ez zen, haatik, martxoaren 31n Baionan egin Deiadar manifestazioan egon. Beste hautagai batzuk egon ziren, ordea: Laurence Hardouin (EH Bai), Colette Capdevielle (PS), Alice Leizagezahar (Amalur), Yvette Debarbieux (Ezkerreko Frontea)...

Partekatu artikulu hau