Hainbat aldarrikapeni buruzko jarrera argitzeko eskatu diete hautagaiei

Hainbat aldarrikapeni buruzko jarrera argitzeko eskatu diete hautagaiei

Izan gizarte, ekologia eta politika arloko hainbat gairi begira, zein posizio duten galdatu diete Frantziako Legebiltzarrerako bozketarako hautagaiei. Erantzunei begiratu aitzin, erantzuteko urratsa egiteak berak badauka garrantzia. Horri begira, EH Baik, Amalurrek, Lutte Ouvrierek, NPAk, EBR-Tk eta AEI Aliantza Ekologista Independenteak dute erantzun tasa altua. Alderdi Sozialistari eta EAJri doakienez, ez dute sistematikoki erantzun, eta UMP-ko, Fronte Nazionaleko eta zentroko hautagaiei doakienez, erantzunik eza da esanguratsua.

1. AHTa

AHT bide berriaren alde direnei boza ez emateko deia egin du CADE ingurumena babesteko elkarteen taldeak. Alderdi Sozialistako Frantxua Maitia, Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux, UMPko Marc Oxibar, Jean Grenet eta Jacques Veunac zentrista dira egitasmoaren alde kokatu. Egitasmoari buruzko erreferendum bat antolatzea nahi luke Alauxek. Ezkerreko Fronteko hiru hautagaiak ez dira ez alde ez aurka kokatu, eta hori, "desmartxa kolektibo" batean izanki, "desleiala" izatea litzatekeelako tokian toki posizio ezberdinak ukaitea. Horrez gain, ezkerrak buruturiko garraio politika eskuinak egindakoaz "ezberdina" dela erranik, bidean diren egitasmo guztien "gelditzea" eskatu dute, "bestelako politika bat gauzatu artean".

EH Bai, Amalur, NPA, Lutte Ouvriere, AEI eta EBR-T hautagaiak, haatik, argiki aurka kokatu dira. Bestalde, haien alderdiaren jarreraren aurka joanez edo independente gisa aurkezten direnetan ondoko horiek ere aurka dira: Eric Petetin (ekologista), Pascal Lesellier (Debout la Republique), Jean-Baptiste Mortalena (independentea), Chantal Renou (Fronte Nazionala), Jean-François Zunzarren (eskuina), Michel Lamarque (eskuina), Marie Contraires (Modem), Michele Alliot-Marie (UMP), Franck Jalleau Longueville (Fronte Nazionala) eta Jean Telletxea (EAJ).

2. Zor publikoa

Bidegabeko zor publikoen aurkako herritar kolektiboak ere interpelatu ditu 35 hautagai —denak salbu Fronte Nazionalekoak eta Frantziaren Aldeko Batasuneko Danielle Schaff—, eta soilik hemezortzik diete erantzun. Zor publikoa "erabat bidegabea dela" diote EH Bai eta NPAko hautagaiek, eta "hein batean bidegabea" dela diote Amalur eta Alderdi Sozialistakoek. Zehaztekoa da sozialistak pertsonalki kokatu direla; hots, ez direla alderdiaren izenean mintzatu. Kontu ikuskatzearen alde dira, eta horretan herritarrek haien tokia behar luketela diote Amalur, EH Bai eta NPAkoek. Sophie Hautenauve Alderdi Piratakoak dio zor publikoa "zuzengabea baina legezkotua" dela, eta herritarren parte hartzerik gabeko kontu ikuskatzearen alde kokatu da. Erantzun dutenen artean, inork ez du begi onez ikusten Europa mailako aurrekontuko ituna, eta horri buruzko erreferendum bat planteatu behar litzatekeela diote. Itun hori ezin negoziatua dela diote EH Bai, Amalur eta NPAko hautagaiek. Zentroko, EAJko, Ezkerreko Fronteko, UMPko hiru hautagaiek eta Alderdi Sozialistako bik erantzun ez izana "azpimagarritzat" jo dute kolektiboko kideek.

3. Gay eta lesbianak

LGBT lesbiana, gay, bisexual eta transexualen eskubideen aldeko borroka eramaten duten elkarteek ere hautagaiengana jo dute. "Haien arduren aitzinean kokatu behar ditugu hautagaiak, ez da Paris hunkitzen duen galdera bat, Euskal Herrian ere badago eskaera hori betetzeko beharra", dio Beñat Gachen Les Bascos elkarteko kideak. Galdeketa zabala egin diete: homosexualen ezkontza eta adopzio eskubideei buruz, transexualen eskubideei buruz, diskriminazioez eta hezkuntzan LGBT gaiek izan beharreko tokiaz, besteak beste. EH Bai, Ezkerreko Frontea, Alderdi Sozialista, Amalur eta NPA alderdietakoak eskubideen berdinketaren alde kokatu dira. Haatik, François Hollandek hitzemandako ezkontza eta adopzio eskubidea aitortzeko bidean UMPko eta eskuin muturreko hautetsiek "oztopatzeko ahalegin guztiak" egingo dituztela deitoratu du Gachenek. www.egalitelgbt2012.fr webgunean irakur daitezke erantzun guztiak.

4. Euskara

Frantsesaren ondoan, lurralde ezberdinetako hizkuntzen eta hiztunen eskubideen aitorpena eta garapena dakarren emendakina Konstituzioan sartzearen alde dira Amalur, EH Bai, EAJ eta AEI alderdietako hautagai guztiak eta Sylviane Alaux (PS) eta Sophie Hautenauve (Alderdi Pirata). Nahiz eta eskubideen berdintasunaren alde izan, NPA-k ez du Konstituzioaren moldaketari buruzko jarrerarik zehaztu, "V. Errepublikaren Konstituzioaren aurka" direlako. Hautagai horiez gain, Europako hizkuntza gutxituen hitzarmenaren izenpetzearen alde eta ko-ofizialtasuna ekarriko lukeen hizkuntza legearen alde dira NPAko hautagaiak eta Frantxua Maitia ere. Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak dituzte hautagaiak interpelatu.

5. Bioaniztasuna

Hazien auto-ekoizpena eta erabilpena mugatzen duen Erdiespen Begetalari Buruzko Agiria deitu legea ezeztatzeko eginahala eginen luketen galdatu die Biharko Lurraren Elkarteak (BLE) hautagaiei. EH Bai, Lutte Ouvriere eta EBR-T alderdietako hautagai guztiek ez ezik, Alderdi Sozialistako Alauxek eta Capdeviellek, AEIko Alexa Hilairek eta Christophe Lepretrek, Amalurreko Alice Leizagezaharrek eta Filipe Etxeberrik eta EAJko Jean Telletxeak dute engaiamendua hartu.

Partekatu artikulu hau