‘Hitzetik hortzera’, ‘Tripatik lurrera’

‘Hitzetik hortzera’, ‘Tripatik lurrera’

Gaurkoan erabaki dut telebistako emankizun baten aipatzea. Hitzetik hortzera saioak sasoia bukatu berri duelarik Euskal Telebistan, ikasturte honen hasieraz oroitzen hasia naiz. Bertsozale eta bertsolariek ezagutzen duten emankizuna dugu hau, igande arrats guztiz ikusgai dena. Bigarren urtea zen segidan Jon Artano zuela aurkezlea. Azken urteko berritasunetan, aurkezle bakarra dela eta aldi guztiz gomita bat bederen estudiorat agertzen dela.

Behingoan, futbola alde batera utzi nuen, eta 10ak eta erdietan euskal telebista jarri nuen ikusteko ea nolakoa zitaikeen sasoiko lehen emanaldia. Lehen harridura enetako orduan: 10ak eta erdietan ez zen oraindik emankizuna hasia. Badakit Euskal Irrati hauetan ere ez garela beti pikoan tenorearen aldetik, baina ez gara bakarrak jakin ezazue nik erranik! Bref, istant bat beha egon nintzen, eta, azkenean, aitzineko emankizuna bururatu zen. Publizitate pare baten ondotik, Pam! Autopromo bat agertzen da pantailan: Hitzetik hortzera, denboraldi berria, gaur 10ak eta erdietan! Zer tupeta duten Euskal Telebistan, gaur 10ak eta erdietan, jadanik 11ak 20 guti zirenean kasik. Baina bon, paso!

Azkenean, hasi zen usaiako generikarekin, eta usaiako "iepala pin pan pun kaixo lagunak!", Jon Artanok kasik aldi guztiz erranaldi hori botatuz hasten baita. Gomita bereziak ziren: Ainhoa Aranburu gau eskolako irakaslea eta bertsozale handia eta Marc Febrer, Bartzelonatik Euskal Herrira jina eta euskaldun berria, bertsozale eta bertsolaria. Lekukotasun politak eta bertsolaritza euskara ikasteko molde ona dela esplikatu zuten, zinez polita! Bertsoen aldetik eskas ttipi bat sentitu nuen, azkenean bertso guti entzun bainituen eta ez nintzen ase errateko maneran. Gainera, ez buru ez buztanik, Punttuka emanaldian bezala, saio batetik bestera pasatzen ginen jakin gabe zergatik eta ez nituen hautatu bertsoaldiak zinez bikainak atzematen, baina hori, gustu eta koloreak, bakoitzak bereak! Orduan hori ere paso.

Baina zinez zerbaitek okaztatu ninduen, eta ene iritzi pertsonala da hau ere, baina ez dakit zergatik filmatzeko molde hori baliatzen duten. Ez naiz bideo mailan jakitun handi horietarik, baina zoomatzen zuten, berriz gibel heldu, aurkezlea buru trebes agertzen zen; iduri eta itsasontzi batean ginela, kamera goiti, kamera beheiti, diagonalean, ezker-eskuin, kasik goiti botatzeko gogoa eman zidan. Beharbada efektu berezi bat sortu nahi da, beharbada batzuek gustukoa dute filmatzeko manera hori, baina nik hasteko ez!

Hara zer pentsatu nuen: ez dakit zuzenean segituko dudan oraindik goiti… edo Internetez so eginen dudan. Ez baitut azkenean gustuko bertsoak entzutean goiti botatzea! Kameralari batek ohar hau irakurtzen badu, otoi, har ezazue kontuan! Hitzetik hortzera ez dadin bilaka Tripatik lurrera!

Partekatu artikulu hau