‘Jose Mendiague’ pastoralean, euskaldunak Hego Amerikan

‘Jose Mendiague’ pastoralean, euskaldunak Hego Amerikan

Fabien Lexardoi errejenta edo taula zuzendaria, gisa batez errateko, kontent agertu da duela bi aste egin zuten mustraka edo entsegu nagusiarekin. Hilabeteak iragan dituzte makilak erabiltzen, kantatzen eta oholtzan mugitzen ikasten, eta, haren erranetan, "mustraka ona" izan da. "Batzuk arranguraturik ziren, baina ez da huts handirik izan".

Igandean 90 pertsona igoko dira oholtzara, gehienetan aingeru rola betetzen duten haurrak barne. Errejentaren arabera, prestaketa hilabete guztiak giro onean iragan dira. Arrokiaga herri txikia da, 130 bat biztanlerekin; horregatik, bertan sortu baina bizitzera kanpora joan ziren jendeak ariko dira pastoralean. Haien motibazioaren erakusle gisa, Lexardoik umorez erran du: "Bizpahiru aldiz baizik ez ziren denak hor entseguetan, baina beste herrietatik jiten zirenak beti hor ziren; karrikakoak ziren ments".

Anekdotez harago, herritarren eta laguntzaileen parte hartzea handia izan da. Hasteko, pastoral gunea bera prestatzeko, azken asteetan, zeren azken urteetako ohidurari jarraikiz zurezko jarlekuak egin baitituzte. Baina pastorala bera prestatzeko ere, Jose Mendiaga bertsolaria zenez, doinu guztiak asmatu behar izan dituzte musikari eta kantariek.

Bertsolari erbesteratua

Herritarrekin batean, heldu den igandean, Jose Mendiaga zenak ere protagismo handia ukanen du, erran gabe doa. Jean Bordaxar kantariak idatzi du aurtengoa ere, iragan urtean Larraineko herriak eman zuen Telesforo Monzon pastorala ere haren lana baitzen.

Aurtengo gaia bilatzean hori kontuan hartu duela dio: "Bi urtez segidan ene pastoralak izanez nahi nuen zerbait berezi egin. Amerikan izan nintzen, eta pentsatu nuen interesgarria izanen zela zerbait egitea diasporaz". Hortik ikerketak abiatu zituen, eta, segidan, Jose Mendiaga hazpandarraren biziaz interesatu zen, Piarres Xarriton euskaltzainaren liburuak eta lekukotasunek lagundurik.

Hazparnetik Argentinara joan zen bertsolariaren bizia ikertzearekin "han izan ziren gudukak" ere ikertu dituela dio Bordaxarrek. Hainbesteraino, non "pastorala kasik laburregi" egin zaion dena kontatzeko. Dena historian bermaturik dela dio, fikziorik gehitu gabe.

Hazpandarraren biziak eragin dion interesaz galdeturik, gaurkotasuna du aipagai pastoralaren idazleak: "Euskarari loturik zen egiazki. Orduan idatzi zituenak mezu azkarrak dira egun ere. Han ere nahi zuten euskara atxiki". Euskararen inguruko mezuez gain, historiaren protagonistari omenaldi bat eskaini nahi izan dio pastoralaren bidez.

Jose Mendiaga 1845ean sortu zen, Nafarroa Beherean, Alduden, baina haurtzaroa eta gazte denbora guztia Hazparnen iragan zituen. Argentinan eta Txilen ibili zen, baina gehienik Uruguain bizi izan zen, 1937an han hil zen arte. Tabako fabrika baten nagusi izan zen, baina euskaltzaletasunak zuen haren ospea gehienik hedatu. Olerkari, bertsolari eta kantu egile izan zen. Euskararekiko zuen atxikimenduak, bere garaian, Hego Amerikako euskaltzaleen erreferente egin zuen.

Bordaxarrek ez du hau lehen pastorala. Baina bere sorterriak bere lana hautatu izanaz pozten da bereziki; "Zinez hunkigarria da, baina egiazko dimentsioa hartuko diot emana ukanen dugularik, orain hain gara lanak harturik...". Elkartean ere ari baita, antolatzaile gisa, pastoral idazlea.

Bera bezala beste herrietara bizitzera joan diren arrokiagarren destinua Mendiagarenarekin eta euskal migrante andana batenarekin bezala ikusten du egun hauetan. "Handik eta hortik itzuli gara herrira; euskalduna beti itzultzen da", dio Bordaxarrek.

Emanaldi handirako prest

Lexardoik eta Bordaxarrek segurtatzen dute "giro ona eta inplikazio handia" izan dela parte hartzaileengandik. Errejentak zorrotz izateko fama ukanik ere, entseguetan ez du "kexatzeko beharrik" ukan aurten, "serioski" aritu direlako, arizale baten erranetan. Uztailaren 15ean egin zuten entsegu orokorrean ikusle izan zirenek ere ez zituzten huts anitz ikusi. "Traba batzuk izan ziren batzuek laster aldatu behar zutelako arropaz, baina mustraka ona egin dute", haien taula zuzendari Lexardoiren ustez.

Taula gainean trebatzeko, haatik, Lexardoi ez da izan irakasle bakarra, talde batez inguratua izan baita. Aurten kantuen aldetik ohi baino lan gehiago ukan dutela azaldu du Lexardoik: "Mendiaga bertsolaria zen, ez zituen doinuak egiten. Denak sortu behar izan dira". Sophie Larrandabürü, Jean-Louis Aranbürü Bidabe, Arnaud Laphitz eta Bordaxar idazlea bera aritu dira doinu ontzen bertsolariaren hitzak kantatu ahal izateko.

Ohikoa bada ere kantu zahar batzuk entzutea pastoraletan, aurten berrikuntza anitz jinen dira. Lexardoik damutzen duen gauza bakarra da "kantatzeko gaitzak" direla. "Ez naiz segur doinu horiek jendeek kantatzen ahalko dituztela". Zuberotarrek usu bereganatzen baitituzte pastoraletako kantu berriak ondotik bazter orotan kantatzeko. "Aurtengo kantuak ematen dituztenek jadanik lan handia ukan dute horien ikasteko", gehitu du Lexardoik, esperientzia handiko errejentak.

Dantza irakasleak, berriz, bi izan dira: zuberotar dantzen irakasle Maddalen Sapaspe eta oholtzan dantza argentinarrak ere izanen baitira, horien irakasle lanetan Alberto Caccuri ari izan da. Itzaleko lanetan ari direnetan beste andana bat badira pastorala prestatzeko, hala nola hamazazpi jostun Erramun Garciaren aginduetara, sei hilabeteko lanean ari izan direnak.

Hainbesteko prestakuntzak bi emanaldietan ukanen du, ukatekotan, bere saria. Uztailaren 29an eta agorrilaren 5ean izanen dira bi emanaldiak, urte oroz bezala, herrian hautatu soro batean. Aurten aparkalekua aski hurbil izanen da, oholtzatik 200 bat metrotara.

Barkoxen bezala, komun idorrak ezarriko dituzte, baina aurten gainera elbarrientzat egokituak izanen dira. Goizean, desfilea izanen da, ohidurak hala nahi baitu, eta eguerdian denei irekia den bazkaria emanen dute Zuberoako ikastoletako gurasoek. 3.500 leku izanen dira emanaldi bakoitzean.

Partekatu artikulu hau