“Min gutxien emanen didaten urratsak zaizkit bururatzen”

“Min gutxien emanen didaten urratsak zaizkit bururatzen”

Thierry Malandaini (1959, Petit-Quevilly, Frantzia) beste hiru urterako luzatu berri diote Malandain Biarritz Ballet koreografia zentroa zuzentzeko kontratua. Animotsu baina, aldi berean, batzuetan ardurez akitua ere agertu da. Orain, adibidez, jaialdia iragaten ari dela —igandean bururatzen da Maitaldia—, konpainiaren errepikak ere segitu behar ditu. Halere, argi du: "Bada zailago; ez naiz meatzaria".

Zein da zure egunerokoa?

Historiaz pasionatua naiz, eta dantzaren historiaz liburu baten idazten entseatzen ari naiz. Goizeko lauetan jaikitzen naiz, eta horretan ari naiz, edo bestela, gure aldizkariarentzat, idazteko denbora anitz behar baitut. Goizeko zortzietan Gare du Midi aretora heltzen naiz. Administrazio kontuetaz arduratzen naiz, eta 11:30etik 17:00etara estudioan naiz, dantzariekin. Ondotik, aretoko bulegoetan edo etxean segitzen dut, konpainiaren kontuetan edo Maitaldian parte hartu nahi duten konpainiei erantzuten.

Eta noiz hartzen duzu sortzeko denbora? Gauerdia eta goizeko lauak artean?

Gaur egun, estudioan. Garai batean, proiektu bat nuelarik, hasi aitzin etxean luzaz lantzen nuen. Egun, ez dut hainbeste denborarik, eta gainera, urteak aitzinatu arau, beldurra handitzen ari zait.

Zeren beldur zara?

Huts egiteko beldurra. Hainbeste beldur naiz, non lan egiteko mementoa atzeratzen baitut beti. Usu, bezperan entzuten dut musika eta biharamunean lan guztia estudioan egiten dut. Adibidez, Errauskine hasi dugu. Versailleko operak eskatua da. Beldurtzen ninduen hasieratik, eta beraz, bezperan hasi nintzen, baina azkenean, lehen 40 minutuak hiru astez osatu ditugu eta hori laster da.

75 koreografia eginik, esperientzia hor duzu...

Bai, hori da.

Musika aipatzen duzu, funtsezkoa da?

Bai, musikak dit gogoa pizten eta musikak du dena finkatzen.

Dantzari zentzu bat ematea inportanta zaizula errana izan duzu; nola lortzen duzu hori?

Hitz egiten dugunean bezala, deusezen erraiteko bada, ez du merezi. Gauza bera da dantzan. Dantzatzen ahal dugu dantzaren edertasunagatik, baina hobe mezu batek laguntzen badu. Nahiz eta mezua ez biziki ulergarria izan.

Baina adibidez, Errauskineren istorioan zein norabide aurkitu duzu?

Istoria jadanik eraikia da, nire gogoei egokitu behar dudana.

Zein gogo?

Oraindik goizegi da.

Mezua emeki-emeki agertzen zaizu?

Batzuetan balleta bururatua delarik ulertzen dut zer erran nahi izan dudan. Nire intuizioaren jarraitzen ahalegintzen naiz. Horrek nau eramaten.

Krisia hor dagoela azpimarratzen duzue aspaldian; gero eta larriago zabiltzate dantza munduan?

Jaialdia antolatzeko dugun dirutza ez da emendatzen, baina, aldiz, dena garestitzen da: hotelak, konpainiak, garraioa... Krisi garaian gaudenez, konpainiek ikusgarri gutxiago dituzte, eta bizitzeko, ikusgarri bakoitzaren prezioa garestitzen dute. Dutch National Ballet edo Batsheva Dance Companyak biziki garestiak dira.

Zenbat eskatzen dute?

50.000 euro baino gehiago.

Eta Biarritz Balletek?

25.000 euro. Baina aurten Maitaldiarentzat urririk eskaini dugu ikusgarria.

Sorkuntzan krisia sentitzen duzue? Horrek ez ote du bultzatzen publiko gehien ekarriko duenaren egitera?

Bakoitza ahal duen bezala irauten entseatzen da.

Errauskine, adibidez, hori izan daiteke?

Bai. Izenburu horrekin, kalitatezko lan bat egitea lortzen badut, datu anitz lortuko ditugu eta konpainia biziko da. Betiko arazoa da.

Gare du Midira heltzean, Biarritz Balleten ondoan, zure deitura —Malandain— ere handizki idatzia irakur daiteke; zer sentiarazten dizu horrek?

Malandain eta Thierryren artean ezberdintasuna egiten ikasi dut. Ni Thierry naiz, eta Malandain... Nire izena handizki ikusten dudalarik kamioiaren gainean eta, ez dut deus sentitzen. Lan honetan ez gaude deusez segur... Orain, konpainiako hiru dantzari kolpatuak dira, eta beste bat, haurdun. Lan hau hain aldakorra da... Gure buruaz kontent izan gaitezke, baina poz hori hain da prekarioa, egunez egun aitzina goazela. Talde bat da, materia biziduna.

Hauskortasun hori indar bat ere izan daiteke?

Ez, ni beldurtzen nau. Gorroto dut. Horregatik beti arranguratua naiz. Nire ametsa ballet bat ongi errepikatu eta baldintza hoberenetan filmatzea da, ondotik filma erakusteko.

Unean unekoak ez zaitu interesatzen? Areto gaineko magiak?

Ez, eta gainera, gero eta okerrago naiz horrekin. Dantzariak eroriko direla beldur naiz...

Zahartzea eta dantza munduan segitzea nola uztartzen dituzu?

Hanketan min dut. Ebakuntza bat egin beharko nuke, baina denborarik ez dut. Egun bi aspirina hartuak ditut, eta berantago beste bi hartuko ditut. Mugitzen naizelarik gero eta min gehiago sentitzen dut. Nire hizkuntza sinplifikatu da horren ondorioz. Ballet bakoitzeko urrats guztiak nihaurek eginak ditut bederen behin, eta dantzariek kopiatzen dituzte ondotik. Usu min gutxien emanen didaten urratsak zaizkit bururatzen. Kudeatu beharreko trantsizio batean nago. Koreografo zaharrek dena buruz egiten dute, baina ez naiz oraindik prest horretara pasatzeko. Hori arrangura handia da. Idazleak bere lana diktatzen balu bezala da.

Lana zuk ez bazenu egiten bezala?

Inprobisatzen dudalarik, musikarekin zuzenean kontaktuan naiz, eta emozioak nire baitatik jalgitzen dira, instintiboki. Buruz hasten naizenean, mentaletik pasako naiz, eta ez da gehiago egiazko instintua izanen.

Partekatu artikulu hau