Xilabak lehen hatsa Altzürükün

Xilabak lehen hatsa Altzürükün

Abian dira abian Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko bertsolari txapelketaren lehen kanporaketak. Altzürüküko Herriko Gelan entzunen dira bihar, arratsaldeko bostetan, Xilaba txapelketako lehen gaiak, eta haren uztarrian arituko dira lanean Ortzi Murua, Maddi Ane Txoperena, Ortzi Idoate, Xan Alkhat, Maindi Murua eta Egoitz Zelaia bertsolariak. Sarrerak zazpi euroan salduko dituzte, bost euroan Bertsularien Lagunak elkarteko kideentzat. 16 urtez beherako gazteek saioa urririk ikusteko parada ukanen dute.

Kanporaketetan bertsolariek 11 bertso puntuagarri kantatu beharko dituzte: binakako lanetan hiruna bertso zortziko handian, hiruna bertso zortziko txikian, bertso bat hitz bat emanik eta bertze bat lau oinak emanik. Azkenik, kartzelako lana binaka egin beharko dute, hamarreko txikian, bakoitzak hiruna bertso kantatuz. Bigarren kanporaketa Kanboko AIEC gelan jokatuko da, urriaren 13an, arratsaldeko bostetan, bertan kantatuko dutelarik Xumai Muruak, Maddi Sarasuak, Ramuntxo Christyk, Battit Crouspeyrek, Bixente Hirigaraik eta Gilen Hiribarrenek.

Lehen finalerdia Hendaiako Varietes zineman jokatuko da, urriaren 20an, arratsaldeko bostetan. Bertan arituko dira Amets Arzallus duela bi urteko txapelduna eta Eneritz Zabaleta, kanporaketetan sailkatutakoekin batera. Bigarren finalerdia Donibane Garaziko Vauban zineman jokatuko da, urriaren 27an, arratsaldeko bostetan. Sailkatutakoekin batera, Sustrai Colina eta Odei Barroso arituko dira.

Txapelaren itzala

Sailkapena den unetik, bertso jolasa jokoa bihurtzen da, txapelketa. Alta, txapelaren beroa baino gehiago, txapelaren itzal gozoa nabarmendu nahi du Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari Joana Itzainak. Elementu ugari baitira txapelketan ariketa hori talde lana bihurtzen dutenak, izan daitezen epaileak, gai-jartzaileak edo, ororen gainetik, bertsolariak. Horren lekuko, txapelketa bera prestatzeko moldea. Elkarren aurkako lehia saihestuz, anitz dira txapelketa elkarrekin prestatzea deliberatu duten bertsolariak.

"Parte hartzen duten bertsolari guztiei ere milesker erran eta txapel bana eskaintzen diet, arriskua hartzen dutelako, talde baten eta amets baten zerbitzuko".

Talde ilusio horren garrantzia azpimarratu du Amets Arzallusek. Egindako lan guztia eskertu du. "Saiatuko gara ahal dugun ilusio eta plazer handienez egiten". Txapelketari begira ilusio kolektibo baten partaide sentitzen dela azaldu du. Ilusio kolektibo horretatik ilusio pertsonalak elikatzen dituela gaineratu du, bertso eskolen lanari erreferentzia eginez.

Bertsozaletasuna zabaltzeko lanaren garrantzia ekarri du gogora Bertsularien Lagunak elkarteak. Horren emaitza da bi urtetik behin jokatzen den Xilaba txapelketa. Funtsean, euskarak eta bertsozaletasunak Ipar Euskal Herrian duten errealitatea kontuan harturik, Xilaba txapelketak intentsitate hori behar duela onetsi du Arzallusek. Hirugarren aldiz eginen da txapelketa hori, eta, Arzallusen iritziz, errazagoa da xedea abian jartzea iraunaraztea baino. Irauteak taldearen berrikuntza suposatzen du, aurpegi berriak, ilusio berriak, engaiamendu berriak. Eta, funtsean, hori da txapelketaren helburua: entzuleria sortzea, biharko epaile, bertsolari eta gai emaileak prestatzea eta, oroz gainetik, euskarari prestigioa ematea.

Txapelketaren finala azaroaren 10ean jokatuko da, Baionako Lauga aretoan. Baionaren gisako eremu erdaldun batean egitea desafioa da berez. Duela bi urte, Donibane Lohizunen 2.000 entzule bildu zituen finalak, eta orain 2.500 biltzea da erronka. Euskara hil edo bizi ari den lurralde honetan, erronka handia da, eta bertsolariek ahal duten guztia emanen dutela gaineratu du. Zuberoan zabalduko da Xilabaren doinua, eta kantuak Euskal Herri osoko bertsozaleen gogoa asetzea du xede.

Partekatu artikulu hau