Final ederra Xilabarentzat

Final ederra Xilabarentzat

Herrira plataformak antolatu manifestalditik atera ziren bat baino gehiago San Andres plazara iritsi baino lehen, tenorez heltzeko Lauga gelara. Agendaren kasualitateak egun handia bilakatu zuen larunbata, baina bietara joan nahi zuenarentzat —manifestaldira eta finalera— arratsaldea laburregia zen agian. Gainera, finalak intentsitatea galdu zuela sumatu zuen batek baino gehiagok, manifestaldia izan baitzen, anitzentzat, egunaren gailur gorena.

Segur da haatik txapelketako gailurra finala izan zela sei bertsolarientzat. "Jendeari finaleko sartzea erostearen eta Laugara etorri izanaren damurik ez sortzearekin konformatzen" zela zioen Eneritz Zabaletak finaleko aurkezpenean. Lauga lehertu ez bazen ere —batzuen ustean—, finala ederra izan zen, eta, beraz, erran daiteke damutzeko arrazoirik ez zuela ukan ikusleak.

Sei bertsolarien kolpe batzuk

Bertsolariek ere nekez atzeman dezakete zerbaitez damutzeko arrazoia. Bakoitzak utzi zuen bere aztarna. Xumai Muruak bakarka, igarleak kartak irakurtzen zizkiolarik honela bukatu zuen: "Baina azkenean ulertua dut / dena sinplea zen kaka / etorkizuna nahi badut nik / nere eskutan da karta". Baionako katedrala berritzen ari den beharginaren rolean, Zabaletak ondokoa kantatu zion lanak noiz bukatuko diren jakin nahi duen apezpikuari: "Konexio zuzena / duzulako aizu / jainkoari galdetu / beharko diozu".

Sustrai Colinak goi maila erakutsi zuen behin eta berriz. Beharbada hobekien ari izan zen bakarkako lanean, baina, batzuen ustez, puntu erantzunean ikusten denez bertsolaria zinez bat-bateko kantuan, hona zer erantzun zion eman zioten puntuari: "Akitzen ote zira / beti bestaz besta", eta erantzuna: "Hori ez da izaten / gaztearen kezka / nahiz batzutan etxera / joan aldrebeska / ongi lo egin eta / problemarik ezta". Erantzun bikaina izan zen, eta txaloak, araberakoak.

Maddi Sarasua ere, lehen aldiz aurkeztu eta finalera sailkatu zen gaztea, finalaren heinean aritu zen, publikoaren sostenguarekin gainera. Colinarekin egin zortziko txikian ontsa aritu zen, besteak beste, baina bakarkakoan bikain. "Kartetan ez du ikusi baina / bertsolari izanen naiz", kantatu zuen igarlearen iragarpen oro hautsiz.

Sailkapenaren buruhaustea

Ederki denak aritu ziren. Baina lehiaketa izanik, saioa sailkapenarekin bukatu zen. Buruz burukoa lehenik. Odei Barroso zinez fin aritu bazen ere, ikusle anitz harritu ziren Sustrai Colina hirugarren gelditzearekin. Baina jokoaren parte dela erratearekin, bego hor epaiketaren afera.

Finalaren azken batailan, Urruñarrak erakutsi zuen —beharra izan balitz— ez zela, halere, istripuz heldu hein horretara bigarren aldiz. Libre ateratzekotan zen presoaren roletik, haurtzaroko lagunari kantatu zion bertso bukaera hau: "Oraindik lagun anitz ditugu / loturik katean / eta guztion kaltean / ezin naiz egon bakean / barnean utzi ditudan horiek / atera artean".

Txapeldunaz ,berriz, Arzallusez, guti edo sobera balitzateke errateko. Haren bertsoen hautaketa egitea ere zaila bilakatzen da, hain ditu menperatu lan gehienak. Aitzineko bi finaletan baino apalago ari izan zen beharbada, bikain egiteko partez zinez ontsa eginez. Azken agurrean bertso eskoletako haurrei eskaini zien txapela, bertso hasieran Aurore Martini keinu eginez: "Hitza da gure joko parzela / edo uste dut lehen hala zela / orain zoinbati hitz egitea / bihurtu zaio kartzela".

Partekatu artikulu hau