“Nahiko nuke euskarazko antzerki talde bat berriz osatu”

“Nahiko nuke euskarazko antzerki talde bat berriz osatu”

Gerard Bagardie 1957ansortu zen Arcachonen (Frantzia). Lau urterekin, berriz, burasoekin Miarritzera itzuli zen. Antzerkia Parisen ikasi zuen, eta geroztik, beti mundu horretan egona da. Antzeztu badu ere, idaztea da gehien gustatzen zaiona; gehienetan frantsesez du idatzi, baina euskaraz ere bai.

Anitz denbora eman duzu antzerkigintzan. Oroitzen zara nola sartu zinen mundu horretan?

Parisera joan nintzen, eta segituan murgildu nintzen mundu horretan. Lehenik, kantuak eta bikote antzezlan laburrak idazten nituen lagun batekin Le Petit Conservatoire telesailean, baina aurki erabaki nuen antzerkigintza zorrotz ikasten hastea.

Non ikasi zenuen?

Orduan, Parisen, Cours Simon izeneko eskola zen ospetsuena; hilabete batzuk egon nintzen bertan. Gero, hasi berria zen Cours Florent eskolan sartu nintzen. Parisko kontserbatorioko goi mailako eskolan ere egona naiz.

Eskola horietan zer ikasten da?

Klasikoak. Dudarik gabe. Antzerki klasikoan zailtasunak agirian dira; horregatik, horiek dira lehenik ikasten. Antzerki modernoa ulertzeko, ordea, formatua izan behar da.

Hortik atera eta lana izan zenuen?

Ez nahi beste, eta lan finkoa, noski, ez. Kafe antzokietan pixka bat, baina, antzeztea ez nuen hain gustukoa, nahiago nuen idazten ari izan. Lagun talde batekin idazten genuen; anitz ginen; beraz, oso gutxi irabazten genuen. Telebistarako eta zinemarako ere aritu nintzen, baina rol txikiekin. Gazte batek jasan dezake bizi hori, baina 30 urteetara hurbiltzean, egoera prekarioa dela konturatzen zara. Frantziako Komedian ere figurantea ari izan nintzen. Anitz ikasi nuen, baina figurante nintzen...

Mundu horretan karrera bat edo lana atzemateko Parisek aukera anitz eskaintzen ditu. Zergatik itzuli zinen Euskal Herrira?

Lehenik, familia hemen nuen, Miarritzen, eta emaztea eritu zen. Minbizia izan zuen. Garai gogorrak izan ziren, eta pentsatu nuen hobeki izanen ginela familiaren artean. Bertzalde, Parisen hasi nintzen euskara ikasten, eta horrek ere hautu hori egiten lagundu ninduen. Lan aukerei buruz, egia da eskaintza edo aukera gehiago dela Parisen, baina hemen ere lortu dut nire bizia antzerkigintzaren gainean eraikitzea. Antzerki talde amateur bat badut, eta hainbat mailatan eskolak ematen ditut Le Rideau Rouge elkartean.

Euskara Parisen ikasten hasi zinen? Miarritzen ez zineten mintzatzen?

Ez. Familia Zuberoatik zetorren, baina Miarritzera heltzerakoan galdu zuten euskara. Entzuna nuen, baina gehiago ez. Parisen lan eskaintzak urriak zirenez, denbora libre asko nuen, zoritxarrez. Beaubourg zentrora joaten nintzen, eta hango hizkuntza laborategian, bakarrik ikasten hasi nintzen. Gero, euskal etxean hartu nituen eskolak, eta Miarritzera itzultzerakoan, AEKn.

Orain euskara irakasten duzu. Noiztik? Zer dute berezia zure eskolek?

2004an sortu genuen Maite Dugulako elkartea. AEK-ko ikaskide ohiek eskatu zidaten hasteko. Hasi ginen, eta geroztik, hemen gaude. Bakarka metodoa jarraitzen dugu teoriarentzat, eta gero eskola horiek praktikan jartzen ditugu fikziozko egoera batean. Antzerkiarekin antz pixka bat du. Ez da metodo bakar bat, aniztasuna ona da.

Elkarteak antzerki talde bat izan zuen. Desegin da?

Bai. Duela urte pare bat istripua izan nuen, eta urte horretan desegin genuen taldea. Pena da, talde sendoa zen eta arrakasta lortu genuen Miarritzeko bainu begiraleak antzerkiarekin.

Antzerki hori zuk idatzi zenuen euskaraz?

Bai. Euskaraz idatzi eta pentsatu. Antzerki taldekoek zuzendu zidaten, noski, eta haien iritzia eman, baina euskaraz idatzi nuen, bai. Antzerkiak arrakasta izan zuen, eta galdetu zidaten frantsesera itzultzea. Egin nuen, hitzez hitz, eta ohartu nintzen grazia guztia galdu zuela. Denbora batez bazterrean utzi nuen, eta hilabete batzuen burura berriro hartu nuen eta frantsesez berriz pentsatu eta idatzi nuen. Orduan bai, ona atera zen. Bi hizkuntzetan arrakasta izan du, dena den; euskaraz 12 aldiz eman dugu, eta frantsesez, 18 aldiz.

Etorkizuna nola ikusten duzu

Nahiko nuke euskarazko antzerki talde bat berriz osatu, baina jendea falta zaigu. Espero dut datorren urterako aurkituko dugula. Bertzela, euskara eskolek eta frantsesezko antzerki taldeek jarraituko dute.

Partekatu artikulu hau